XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Telekameren argitan kiskali gabe, ezin zuela ataritik lasai irten esan zidan Ritak.

Haurrak ere ez zituztela bakean lagatzen, begi estaliekin gero nolanahi telebista programetan ateratzeko.

Erotu egingo zela baina egoteko lasai.

Ama Benita ondoan zeukala eta konponduko zirela biak sahi guzti haiei bizkar emateko.

Nire egunoroko deia jaso behar zuelako izan ez balitz, aspaldi kenduko zuela telefonoa bere lekutik, esan zidan.

Halako gauza txikiek jartzen naute ni sutan, oharkabean esan gabe bezala esaten direnetan joaten baita benetako pentsamenduaren islada.

Hans Lauerren alarguna Rita zela esatea bezala, Rita ez baitzen Hans Lauerren ezer nik dakidala behintzat, lagun ohia izan ezean.

Hortik alargun izatera bazen tarte apur bat.

Nire andrea zen Rita, nirea.

Gu bion umeen ama zen, ez beste ezer.

Baina kazetariek bazuten bazka nahikoa gurekin: Simon Azkue Doktorearen emaztea.

Hans Lauer terrorista alemaniarraren andrea izandakoa zen lehendabizi.

Zer besterik behar zuten, nahi adina idazteko.

Bazuten Rita, banindeukaten ni, bazeukaten Hans eta bazuten Bladi.

Telenobela txoro horietako bat osatzeko lain eta gehiago.

Etxera iritsi nintzenerako ez zebilen inor inguruetan.

Goizeko lauak ziren eta beste ezer baino lehen. gure sotoko bazter batean gorde nituen leherkariak: T8a armairu zahar baten barnean, arrantzurako xira eta anorak zaharren azpian, eta kloratita, txakurren pentsua egoten zen kaxa batean.

Urruti nahi nituen ikusi bata bestetik.

Oinpuntatan sartu nintzen gure gelan eta Rita ohartu ere ez zen egin nire etorreraz.

Haundi-haundi eginda zegoen Ixabelekin: izaren eta tapaki guztien azpian ere nabaritzen zen haren haurdunaldia.

Loaren arnasa barea entzun nion eta musika fina iruditu zitzaidan.

Bere ondoan etzan nintzenean, gorputz usain hura zela nire aberri bakarra jarri nintzen pentsatzen, lurralde egiazkoa.

Etxera itzulia nintzen, nire maitearen altzora. Berezkoa nuen leku neurera.

Babestuta sumatu nuen han neure burua. nola bordan galdurik ibilitako ardiak.